Gipuzkoako zortzi enpresek ekonomia zirkularreko lehen proiektuak aurkeztu dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak Ekonomia Zirkularrari buruzko I. Jardunaldia egin du, ekonomia zirkularrerako laguntzen eta pizgarrien programak aurkezteko, lurralde, autonomia-erkidego eta Europa mailan. “Aberastasuna eta enplegua sortzeko erronka Gipuzkoa iraunkorrago batean” lemapean, foru- eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Birziklapenaren Clusterra (GK Recycling) eta hainbat eragile ekonomiko eta sozial bildu dira, Gipuzkoak birziklatze-industriari dagokionez dituen helburuak helarazteko eta Gipuzkoan ekonomia berdea sustatzeko aurreikusitako laguntza-neurrien berri emateko.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak aurkeztu du jardunaldia, eta klima-aldaketaren aurkako Gipuzkoa Klima 2050 estrategian kokatu du. GK 2050ek, arlo horretako Europako helburuekin bat etorriz, emisioak %40 murriztea, energia berriztagarrien erabilera %27ra iristea eta energia-eraginkortasuna ehuneko horretan hobetzea proposatzen du, hori guztia 2030. urtea baino lehen. Erronka horiek ahalegin handia eskatuko dute, baina klima-aldaketaren aurkako borroka ere irakurri behar da, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Gipuzkoarentzat aberastasun- eta enplegu-iturri izango den ekonomia berdea garatzeko aukera gisa, Asensiok gogorarazi duenez. Foru arduradunak adierazi du urte hauetan zehar lan handia egin dela gaikako bilketarekin eta birziklapenarekin, eta 2000. urtearen hasieran %20tik beherako portzentajeak izatetik %50etik hurbil dauden datuak izatera igaro dela. Duela urte batzuk zabortegietan lurperatzen zena gaur egun birziklatzen diren materialak dira, konpostatzen den materia organikoa, eta laster berreskuratuko den energia ere bai. Hori guztia aurrerapauso handia da klima-aldaketaren aurkako borrokan, baina, Ingurumeneko diputatuarentzat, beste urrats bat eman behar da: “Gipuzkoak aurrerapauso handia egin du gaikako bilketaren bidez; orain, hondakinak lehengai bihurtu behar dira aberastasuna eta enplegua sortzeko”. Asensiok Gipuzkoako gizarteari eta sektoreko enpresei dei egin die “indarrak batu eta hondakinak eta klima-aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera bihurtzeko Gipuzkoa iraunkorrago batean”.

 

Ekonomia zirkularreko proiektu berriak Gipuzkoan
 
Gipuzkoako zortzi enpresa eta erakundek ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektuak garatu zituzten 2017an, eta Ekonomia Zirkularraren I. Jardunaldian aurkeztu dira, Donostian. Horien edukiak askotariko ikuspegia hartzen du: produktu eta material berriak sortzea, hondakinak birziklatzeko teknika berriak sortzea eta hondakinetatik sortutako lehengaiak aprobetxatzea. Aurkeztutako proiektu guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren finantziazioa eta Erreziklatzearen Clusterraren (GK Recycling) laguntza izan zuten.
 
Azaldutako ekimenen artean, Ekolber-eko Jesús Olloquieguik lorontzi biodegradagarriak sortzeko proiektua aurkeztu zuen; Ekotradeko Mikel Zubiaguirrek, berriz, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) eraikuntzan lehengai gisa aprobetxatzeko egindako azterketaren emaitzen berri eman zuen; Asfaltia enpresako Marisol Barralek, pneumatikoen hautsa nahasketa bituminosoetan erabiltzeko ikerketaren emaitzak azaldu zituen; Ekogras enpresako Amaia Oiarbidek, erabili eta botatzeko kafe-kapsuletako materialak aprobetxatzeko egindako lana; CEITeko Enrique Aymerichek, hondakin-urei ekonomia zirkularreko soluzioak aplikatzeko ikerketa; Ekorec-eko David Zabalak EHUko Cristina Peña doktorearekin garatutako plastikoa ehun-hari bihurtzeko proiektuaren emaitzak ekarri zituen Emaus Fundazioko Pilar Vicentek, hondakinen trazabilitatea eta segimendua egiteko garatutako proiektua aurkeztu zuen, hondakinak hobeto aprobetxatzeko eta birziklatzeko.

 

Diru-laguntzak eta laguntzak
 
Jardunaldian, ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko eta bultzatzeko enpresek eskura ditzaketen laguntza-programak aurkeztu dira. Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko zuzendariak bere sailaren estrategia azaldu du, eta iragarri du 2018an 750.000 euro erabiliko dituztela enpresek, udalek, mankomunitateek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek garatutako ekimenetarako. Proiektu bakoitzaren kostuaren %75era arteko laguntza eman ahal izango da, gehienez ere 40.000 €-koa. Diru-laguntzez gain, Ingurumen Sailak lau ikerketa-beka deituko ditu, gai hauei lotuta: ekodiseinua, prebentzioa, gaikako bilketa eta birziklatzea.
 
Jesús Losada Ihobeko zuzendariak azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak. Eusko Jaurlaritzak 1.825.000 euro erabiliko ditu, 2018an, hainbat arlotan, hala nola ekoberrikuntzan, produktu berriak garatzeko, negozio-ereduak garatzeko edo balio-katea hobetzeko; ekodiseinua, produktuak birdiseinatzera edo diseinu bikainera bideratua; ekonomia zirkularra eta ETEen eta Basque Ecodesign Hub-ekin lotutakoen erakusketa-proiektuak, ekonomia zirkularreko alternatibak garatzeko, bigarren mailako hondakinak kudeatzearen arloan, eta cyuping produktuak sortzeko (birziklatze-soluzio berriak). Laguntzak enpresa eta entitate industrialentzat, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearentzat eta beste entitate publiko batzuentzat dira. Finantzaketa proiektuen kostuaren %60ra irits daiteke.
 
Ekonomia zirkularrerako laguntzen eta finantzaketaren zati handi bat Europako funtsetatik dator. Izan ere, 2015aren amaieran, Batzordeak Europar Batasuneko 6.000 milioi funts baino gehiago bideratzen zituen ekonomia zirkularreko paketea onartu zuen. Laguntza horien edukiak, deialdi nagusiak eta proiektuak aurkezteko baldintzak Grupo Gisma aholkularitza-enpresa espezializatuak garatu ditu.