Euskaraz egun on entzutea dut gustuko

 «Egun on! Zer moduz zaude gaur?». Gustuko du Sebastiana Amonadarainek goizero, betiko agurra entzutea. Amezketarrak txikitatik ikasi zuen euskara hitz egiten eta 90 urte betetzear dituenean Andoaingo Ama Kandida etxean dago. Bertan, bere zaintzaileekin eta lagunekin euskaraz egiten du. Horien artean, Urnietan jaio zen Juanita Satarain aurkitzen da. Honek ere 80 urte pasiak ditu eta onartzen duenez, «gure etxean euskaraz ikasi genuen eta eskolara joan arte, beti euskaraz hitz egiten genuen. Eskolan gauzak aldatzen ziren, ez baitzegoen ondo ikusita horrela hitz egitea baina etxean ezin ziguten ukatu gurea zena eta ondoren ere, nik beti erabili dut euskara. Erederaz hitz egiteko ez dut arazorik baina nik nireari eusten diot».

 

Gipuzkoako Kabiaren zahar egoitza guztietan euren erabiltzaileak euskaraz harreta jasotzeko eskubideabermatzeko ahalegin handia egiten ari dira bertako arduradunak. Andoaingoa horietako bat da. Juanita eta Sebastiana Ama Kandida egoitzan bizi dira azken boladan eta «pozik» daude bertan, diotenez. «Langileek euskaraz hitz egiten digute. Ez dugu arazorik izaten horrekin eta pozten nau horrela izatea gainera». Sebastianak dioenez «euskaraz hitz egitea gustuko dut eta horrela egiten digutenean erosoago sentitzen naiz. Beti hitz egin dut euskaraz nire etxean eta hemen ere, goizero euskaraz agurtzeak poza ematen du». Ez du asko eskatzen Sebastianak. Hori bai, amezketarrak garbi du «soinaurekin etortzen direnean egoitzako giroa alaitzea, ondo legoke kanta zaharrak ere, euskaraz abestea». Egoitzeko arduradunak bertan dagoenez, gogoan izango duela agintzen dio Amondaraini.

«Ume jaio eta ume bihurtu» esaera zaharrak dion bezala, txikitatik euskaraz dakitenek esaten dute zahartzerakoan ere euskaraz hitz egiten dutela burua lagun duten are.

Gainera, eurekin lana egiten duten zaintzaleek diotenez, «euskaraz hitz egitea eskertzen dute eusakaldunek». Marijo Erasun, Ama Kandida egoitzako langileak horrela ziurtatzen du. «Duela gutxi, izan genuen gure egoitzan emakume bat, bere azken urteetan euskaraz bakarrik hitz egiten zuena. Zuk erdaraz hitz egiten bazenion ere, berak euskaraz eran-tzuten zizun eta garbi gelditu arren ulertzen zuela zuk esaten zeniona, emakumeak, zuen dementzia zela eta, bere jatorri-hizkuntzan erantzuten zizun».

Euren eskubidea da

Erasun bera ere euskaldunzaharra da «etxean ikasi nuen ikastolan hasi aurretik. Gero, erderaz ere ikasi nuen egoitzan lana egiteko». Urteak darama Marijok Andoaingo zahar egoitzan lanean. Dioenez, «gure egoitzako erabiltzeak asko eskertzen dute euskaraz hitz egiten diezuenean eta uste dut merezi dutela. Euren eskubidea dela uste dut gainera nahi duten hizkuntzan eskaintzera harreta. Gorde behar diegun errespetoangatik bidezkoa da eurekin txikitatik dakiten hizkuntzan egitea».

Andoaindarrak gaineratzen zuenez, «euskaldunei euskaraz hitz egiten diet, erdaldunak direnei erderaz hitz egiten dieten bezala». Erasunek aurreko ikasturtean Aldundiak antolatutako B2 ziurtagiria lortu zuen. Honekin nolabait langileen euskara maila neurtzen zuten, homologatuta ez egon arren, euren aldeko «errekonozimentua» dela uste dute.

Ariane Lertxundi ere Ama Kandidako zaintzailea da. Noizbait entzun behar izan du «kasera» hitza, baina berari gehiago gustatzen zaio euskalduzaharra esaten diotenean. «Ni hala naiz, euskaldunzaharra. Villabonan jaio nintzen familia euskaldun batean eta ikasketak ere euskaraz egin nituen, beraz, nire lehen hitza euskaraz egiten dut. Ez dakiteneei erderaz egiteko ez dut arazorik, baina saiatzen naiz euskaraz ulertzen dutenekin nire txikitako hizkuntzan egiten».

Batzuk 'kasera' deitu arren, egoitzako erabileen artean ere badira ongi ikusten dutenek Ariane euskaldun peto petoa izatea. «Konfidantza ematen dielako edo, esaten dizu baten batek: «zu euskalduna zara. Zatoz, zatoz laguntzera, zuk euskaraz hitz egiten duzu eta». Uste dut lasaiago hitz egiten dutela, konfidantza ematen die zuk euskaraz hitz egiteak. Horiekin noski, euskaraz hitz egiten dut, beraiek hala eskatzen dute eta».

Lankideekin ere euskaraz aritzen da villabonarra baina «badira baten batzuk erderaz hitz egiteko joera dutenak, baina ahobizien portaera hartzen dut nik eurekin eta euskaraz hitz egiten diet. gero, nahi duten hizkuntzan erantzuten didate eurek». Lertxundik ere B2 maila ziurtatzen duen agiria lortu zuen, nahiz eta maila lehendik izan, baina dion bezala garrantzitsuna «dakiteneekin hitz egitea da, euren eskubidea baita eta gure egoitzan daudenek ere merezi dute eta ez da hain zaila».

Euskaraz hurbilago egoteko

Feli de Castro ere Arianeren iritzikoa da. Felik Tolosan lana egiten du, Yurramendi zahar egoitzan. Bera euskaldunberria da baina bere ahalegin maila inor baino altuagoa da zaintzen dituen lagun guztiek euskaraz atenditu egoteko eskubidea beteta izan dezaten. Salamancarra da jaiotzez Feli, Tolosan urte asko eman arren. Urte horietako asko euskara ikasten eman ditu zaintzaileak, euskaltegian, Errezilgo barnetegian, bestelako ikastaroetan... baina De Castrok garbi du «euskaldunzaharrek merezi dute euren hizkuntzan hitz egitea. Euren-tzat errezagoa da eta hurbilegoa iruditzen zaie eskaintzen diezun tratua euskaraz hitz egiten badiezu».

Tolosako egoitzan lana egiten duten erabiltzaileak izan dira bere mintzapraktika gehien indartu dutenak eta dioenez, «jendearekin hitz eginez ikasi dut gehien. Horrela ikasten duzu. Batzuk oso euskara desberdina egiten dute nik euskaltegian ikasi dudanatik baina moldatzen gara, elkar ulertzen dugu eta gainera askok esaten didate: nire herrian ez da horrela esaten, 'in dot' esaten da, nik egin dut esaten dietenean. Horrelakoetan saia-tzen zara beraiek ikasi zuten bezala esaten eta denak pozik!».

De Castroren jarrera goraipatzekoa da. Dioenez bere lanaren zati bat da. «Gutxi esanda ere euskaraz, bihotzez eskertzen dute. Askotan ez dute konbertsatzio handirik behar, hitz gutxi batzuk eginez gero nahikoa dute eta horiek euskaraz eginda gustura egoten dira eta eskertzen dizute».